Aizkorri-Arazko natura parkea
Aizkorri-Arazko natura parkea Aizkorri-Aratz mendigunearen zati handi bat babesten duen natura parkea da, Euskal Autonomi Erkidegoko natura parke guztietatik izendatutako zortzigarrena. 194 kilometro koadro dituelarik, Euskal Autonomi Erkidegoko natura parkeen artetik bigarrena da hedaduraz. Gipuzkoa eta Araba arteko mugan dauden mendiak hartzen ditu barne, eta hortik datorkio izena: Aizkorri Gipuzkoatik, eta Aratz Arabatik. Barruan du Araba eta Gipuzkoako partzuergo nagusia oso-osorik.
Eusko Jaurlaritzak 1994ko apirilaren 26an izendatu zuen natura parke.[1] 2011ko otsailean, Aizkorri-Aratz parketxea inauguratu zuten Arantzazu (Oñati) auzoan, Gandiaga zentroan.
Parkeak hartzen dituen udalerriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hidrologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Natura parkearen barnean, guztien artean ia Gipuzkoa osoa hartzen duten hiru ibaik dute euren iturburua: Deba ibaiak , Urolak eta Oriak. Halere, Aizkorri-Aratzeko natura parkearen eragin hidrologikoa, Nafarroa, Bizkaia eta Arabara ere heltzen da, natura parkean bertan, lehen aipaturiko Deba eta Oria ibaien ibaiadarrek baitute jatorria beste hiru probintzia hauetan. Ego eta Aramaio ibaiak, lehena Bizkaikoa eta bigarrena Arabakoa, Debaren aldetik, eta Leitzaran ibaiak, Nafarroakoa, Oriaren aldetik. Gainera, Ebroren ibaiadar den Zadorra ibaiak ere, natura parkearen barnean du bere iturburua.
Bestalde, hiru dira natura parkearen barnean aurkitzen diren urtegiak: Urkulukoa, Aretxabaletan, Jaturabekoa, Oñatin, eta, azkenik, Urdalurrekoa, natura parkearen ekialdeko muturrean, Ziordia nafar herriarekin duen mugan.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aizkorri-Aratz aldea Gipuzkoa eta Arabako lurralde historikoen arteko mugan dago, eta bi lurralde historikoak banatzen dituen mendi-kordala hartzen du, gutxi gorabehera Arlaban eta Otsaurte mendateen arteko eremua. Geografiak Zaraia, Elgea, Urkilla, Aizkorri eta Altzania mendilerroak hartzen ditu alde horretan, non nabarmentzekoak diren Aitxuri (1.551 metroko altitudea) eta Aratz (1.442 metrokoa) tontorrak. Kantauri-Mediterraneoko uren banalerroa ere mendilerro horretan da. Administrazioaren aldetik, berriz, alde hori lau arabar udalerrik (Asparrena, Zalduondo, Donemiliaga eta Barrundia) eta zazpi gipuzkoarrek (Leintz Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta, Oñati, Legazpi, Zerain eta Zegama) osatzen dute, baita Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorraren lursailek ere.
Geomorfologiaren aldetik, ostera, Aizkorri-Aratz aldeak erliebe malkartsua du, izan ere, haran sakon eta tontorren artean 1.000 metro inguruko kota-aldea dago; ekialdean Aizkorri, Aratz eta Egino bezalako kareharrizko fronteak gailentzen dira, baita Elgea eta Urkilla bezalako silize-harriak ere. Badira interes handiko beste elementu geomorfologiko batzuk, hala nola, sakonuneak, aldapak, arroilak, dolinak eta arro karstikoak. Deba, Urola eta Oria ibaiek ura Kantauri itsasora isurtzen dute; Mediterraneora, berriz, Arakilek eta Barrundiak. Kontuan izan behar da, baina, lurrazaleko ibilguen ur-emaria lurrazpiko akuiferoen sistemen garatzeak baldintzatuko duela.
Jatorrizko basoen zati handi batek bere horretan dirau; batez ere, pagadi kaltzikolaz eta azidofiloz eta ameztiz osatutakoak. Alde horren %40aren erdia gutxi gorabehera horrelakoez beteta dago. Merezi du aipatzea haritz kandugabeko hainbat gune ere badaudela. Baina, gizakiak esku hartu du, eta horren ondorioz, landaredi potentziala aldatu egin da; baso-landaketak eta landazabal atlantiarrak ugari dira, batez ere Gipuzkoan. Gainera, interes komunitarioko 22 habitat-mota identifikatu dira eta horietatik 10 lehentasunezkotzat jo dira. Fauna dela-eta, baso eta mendi inguruko hainbat espezie dagoela egiaztatu da; horietatik 20ren bat interes komunitariokotzat jo dira. Halaber nabarmen daitezke, harrapakari, pizido, kiroptero, basoko haragijale, mikrougaztun eta ornogabe saproxilikoen populazioak; horietarik gehienak arriskuan dira eta ondo zaindutako EAEko baso handietan baino ez daude. Horiek horrela, inguru horrek ondorengo populazio hauek zaintzeari egin dion ekarpena garrantzi-garrantzitsua da: okil beltza (Dryocopus martius), miru gorria (Milvus milvus), sai zuria (Neophron percnopterus), lepahoria (Martes martes), elur lursagua (Chyonomys nivalis), ferra-saguzar handia (Rhinolophus ferrumequinum) eta Osmoderma eremita, besteak beste.
Alde horren jabetza publikoa eta pribatua da, zati berdinean. Araban, baina, lursail pribaturik ez dago ia-ia; aldiz, Gipuzkoan lur gehiena pribatua da. Lurrak batik bat dira, basoko eta abeltzaintzako aprobetxamendua egiteko. Gainera, ur-hornidurarako hainbat urtegi, harrobi bat eta bi parke eoliko daude; baita hainbat ur-hartune ere, inguruko zentraletan hidroelektrizitatea produzitzeko. Aisialdiko jarduerak ere garrantzizko erreferentzia dira, mendirako zaletasunagatik eta ibiliengatik; baita Arantzazuko santutegiak duen sinbologiagatik ere.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).